XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LOURDES OÑEDERRA

Oliver SACKS. 1996. An anthropologist on Mars. New York: Vintage Books.

Neurologiaz, geure buruaz

Azken udaberrian Oliver Sacks aipatu zidan adiskidearekin zorretan naiz. Esan zidan ziur zela gustatuko zitzaidala. The man who mistook his wife for a hat liburua aipatu zidan, hizkuntzazko kontu interesgarriak omen zituena. Izenburua behintzat erakargarri gertatu zitzaidan.

Udan, Sacksen lanak ezin aurkiturik liburudenda batean laguntza eskatu nuenean, saltzaileak medikuntzazko sailera bidali ninduen. Harritu egin nintzen. Banekien Sacks doktorea neurologilaria dela eta bere kasuen gainean idazten duela, baina neri adiskideak kontatuagatik uste nuen bere lanak fikziozkoen artean aurkituko nituela. Oraindik ez nuen ezer bererik irakurria. Orain amaitu berria dudan An anthropologist on Mars liburua ezagututa, sendoago pentsatzen dut Sacksek literaturazko apaletan ere baduela lekurik.

An anthropologist on Mars (gazteleraz Un antropólogo en Marte itzuli dutena, antropologilaria emakumea bada ere: femeninoak serio-antza kenduko ote ziolakoan?) istorio-bilduma bat da. Zazpi istorio, zein baino zein zoragarriago: koloreak ikusteko gaitasuna galdu zuen pintorearena, berrogei urteren buruan berriro ikusi ahal izateak zorigaitza ekarri zion itsuarena, tumore gaiztoa santutasuntzat hartu zioten hippyarena, Tourette-en sindromea zuen kirurgilariarena, bere txikitako herriaren oroimen zehatz obsesiboak pintore bihurtu zuen erbesteratuarena.